Albisteak


Goierri Talleres Telleria vs Ulacia ZKE

img

.

Partidu garrantzitsua jokatu zuen igandean Goierri Talleres Telleriak Aldiri Arenan, Ulacia Zarautz-en aurka. Bi taldeentzat funtsezkoa zen norgehiagoka: Goierrirentzat Final Four postuak ia ziurtatzeko aukera paregabea, eta Zarautzentzat, berriz, lehen lau sailkatuen artean sartzeko itxaropena bizirik mantentzekoa.

Partiduaren hasiera nahiko parekatua izan zen, nahiz eta gure aldetik ez genuen ohiko asmamenik erakutsi. Hala ere, erritmoari eutsi eta aurkariaren markagailuari jarraitzeko gai izan ginen, lehen laurdena 18-20ko emaitzarekin amaituz. Bigarren laurdenean gehiago kostatu zitzaigun partidan sartzea, eta une batean 8 puntuko desabantailan egon ginen. Dena den, denboraldi osoan erakutsi dugun joko estiloari helduta (abiadura handia erasoan eta defentsa sendoa) markagailua irauli genuen, eta atsedenaldira 43-40ko aldearekin joan ginen.

Hirugarren laurdenean ez zen alde handirik egon markagailuan. Jokoa nahiko trabatua izan zen, eta gure aldetik ohikoa baino huts gehiago egin genituen jaurtiketetan. Hori aprobetxatuta, Zarautzek aurrea hartu zuen eta laurdena 57-62rekin amaitu zen. Azken txanpan dena aldapan gora jarri zen. Ideia faltagatik edo erabaki txarrengatik, 0-5eko partziala jaso genuen hasieran. Hala ere, taldea ez zen inoiz amore emateko prest egon. Zarautzek ere ez zuen egindako lan guztia erraz oparitu nahi, eta hiru minutu faltan 9 puntuko abantaila zuten. Une horretan, Goierrik bere nortasuna atera zuen eta puntu bakarrera hurbiltzea lortu zuen, baina azken metroetan balantza Zarautzen alde erori zen eta kanpokoek garaipena eskuratu zuten, 76-80ko emaitzarekin.

Orain deskantsatzeko eta hausnartzeko tartea dugu, eta datorren astetan Easoren aurkako partidan dena emateko prest egongo gara.


Aupa Goierri!