Albisteak


GARAIPENA GARRANTZITSUA GOIERRIRENTZAT BEASAINEN

img

Ligako 4. Jardunaldian, Primera Nazionaleko taldea Beasainera gerturatu zen BKL-ren aurka jokatzeko Antzizar polikiroldegian.

Ligako 4. Jardunaldian, Primera Nazionaleko taldea Beasainera gerturatu zen BKL-ren aurka jokatzeko Antzizar polikiroldegian.

Goierrirentzat oso partidu garrantzitsua zen larunbatekoa. Batetik, aurreko astean Getxoren aurka lortutako porrota ahaztu nahi zuten; eta bestetik, aurkari zuzen baten aurka jokatzen zuen. Partida polita antzematen zen eta horrela izan zen.

Hasieratik, bi taldeak erasoan oso fin ibili ziren saskiratze asko lortuz eta hori markagailuan isladatzen zen lehen laurdenaren amaieran: 22-28 Urretxuko-Zumarragakoentzat. Bigarren laurdenari hasiera ona eman zion Goierrik, partidako abantaila handiena lortu baitzuen bigarren minutuan Ionen hiruko batekin: 25-36.

Beasainek ez zuen amore eman eta segituan berdindu zuen markagailua beraien barruko jokalariei esker. Hala ere, azken minutuan sartutako saskiratzeei esker, bost puntu aurretik joan ziren bisitariak atsedenaldira: 39-44. Hirugarren laurdena ere oso parekatsua izan zen. Goierrik beti agintzen zuen markagailuan, baina ez zuen abantaila nabarmenik lortzen.

Dena airean zegoen eta horrela iritsi ginen laugarren laurdenera: 56-60. Azkeneko laurdenean, tentsio handia somatzen zen bi taldeetan. Beasaingo zaleek asko animatu zuten beraien taldea, eta BKL-k hori baliatu zuen markagailuan berdinketa lortzeko. Orduan, Goierri altxa egin zen eta 7 puntuko aldea (66-73) lortu zuen bukatzeko hiru minutu falta zirenean.

Aurreko partidetan bezela, ez genuen jakin alde hori ondo kudeatzen, eta beasaindarrak aurretik jarri ziren (75-74) 40 segundu faltan. Baina bisitariak ez ziren kikildu. Iñakiren hiruko batekin eta Telmok sarturiko jaurtiketa libreei esker, garaipena Goierrirentzat suertatu zen. Jokatzeko eta ikusteko, benetan partidu polita! Garaipen honekin, Goierrik sailkapenean gora egin du eta laugarren postuan kokatu da. Hurrengo partidua Goierrik etxean jokatuko du larunbatean 18.00tatik aurrera. Aurkaria sailkapenean lider dagoen San Cernin talde nafarra izango da.