Albisteak


GURE ESKUETAN

img

Larunbateko garaipenaren ondoren, eta San Cerninek Tolosan lortu zuen porrotarekin, Goierrik bere eskuetan du EBA mailara igotzea. Bi partidu besterik ez dira geratzen. Bi final

24. jardunaldiari zegokion partiduan, Goierrik seigarren
garaipena jarraian lortu zuen Hernani Tecnunen zelaian. Aurrean zegoen aurkaria
ligako talde potentenetarikoa da, goragoko mailetan jokatutako jokalariak ditu,
eta gainera, hirugarren postuan zegoen kokatuta Goierrik baino garaipen bat
gutxiagorekin.

Horren jakitun, Goierri oso entxufatuta atera zen kantxara.
Taldeari zegokion erritmoa oso ondo ezarri zuen eta horrek bizpahiru
kontraeraso gauzatzeko aukera eman zion. Hala ere, azpimarratzekoa defentsan
egindako lana izan zen, 11 puntu besterik ez baitzituen sartu Tecnunek.
Laurdenaren amairen, Tecnun 11-Goierri 21.

Bigarren laurdenaren hasieran, aldiz, gure mutilek defentsan
martxa bat jaitsi zuten, eta etxeko taldeak hori baliatu zuen 3 hiruko jarraian
sartu eta gero markagailua berdintzeko. Goierri ez zen kikildu eta Mesiavillan
hiruko bati esker, 7 puntu aldearekin joan zen atsedenaldira (34-41).

Aldageletatik bueltan, Hernani Tecnunek bere jokalariek
duten kalitatea erakutsi zuten. Defentsan oso sendo zeuden eta erasoan, beraien
barruko jokalariek min handia egin zuten. Hala ere, Goierrik markagailuari
eutsi egiten zion, eta bizi-bizirik iritsi zen azken laurdenera (56-55).

Laugarren laurdena Goierrirena izan zen hasieratik bukaeraraino.
Lehenengo erasoan aurretik jartzeko gai izan zen, eta aurreko partidu batzuetan
ez bezala,  alde hori kudeatzen oso ondo
jakin zuen. Bukaeran Hernani Tecnun 75-Goierri 79 eta garaipena etxera!

Garaipen honekin, Goierrik 2.postua atzean utzi du eta
lidertzan kokatu da 17 garaipenekin. 
Hain zuzen ere, 2.postuko testigantza 16 garaipenekin dagoen San Cernin
talde iruñarrari utzi dio.

Kalkuluak eginda daude. Goierrik denboraldia amaitzeko bi
partiduak irabazten baditu, EBA mailako taldea izango da. Beste aukera bat
asteburu honetako partidua irabaztea eta San Cerninek galtzea izango litzateke.

Larunbatean, arratsaldeko 18.00tatik aurrera, azkeneko
postuan dagoen CB Valle de Egues talde iruñarra izango da aurkari. Etxean
jokatuko den azkeneko partidua izango da, eta hori dela eta, sorpresa batzuk
antolatuko dira partidua ikustera etortzen direnentzat! Animatu!